XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gure marineletako hamabi hilda zeuden neke gehiegi eta janari txarrarengatik; gainerakoak, zeharo ahulduta.

Azaroaren bostean udaren hasiera alde haietan, eguraldia oso lainotsua zelarik, harkaitz bat begiztatu zuten marinelek, untzitik kable erdiko tartera; baina haizea hain indartsua zenez, zuzen-zuzenean bertara eraman gintuen, eta berehalaxe zartatu untzia.

Marineletako seik, neu izanik haietako bat, txalupa bota uretara eta untzitik eta harkaitzetik urruntzea lortu genuen.

Nire kalkuluen arabera, hiru lekoa inguru egin genituen arraunean, gehiago ezin izan genuen arte, untzian egindako ahaleginagatik ere ahituak bait geunden.

Beraz, uhinen esku utzi genituen geure buruak, eta ordu erdi barru, txalupa irauli egin zuen iparraldetik bapatean etorritako enbatak.

Zer gertatu zitzaien txalupako beste lagunei edo harkaitz gainean edo untzian bertan geratu zirenei, ezin dut esan; baina galdutzat jotzen ditut guztiak.

Nik neuk, patuak eramaten ninduen alderantz egin nuen igeri, eta haizeak eta mareak eragin zidaten aurrera.

Sarritan beheratu nituen zangoak eta ezin izan nuen hondoa ukitu; baina ia egin zuenean nireak eta pot egiteko zorian nengoela, ukitzen nuela zorua konturatu nintzen; eta ekaitza ere oso baretua zen ordurako.

Zoruaren inklinazioa hain txikia zenez, ia milia bat ibili nintzen itsasertzera iritsi baino lehen, arratseko zortziak aldera izan zelarik, nire ustez.

Gero beste milia erdi bat edo jarraitu nuen aurrera, baina ezin izan nuen etxe edo jende arrastorik aurkitu; edo agian, hain ahul nengoenez, ez nintzen haietaz ohartu.

Oso nekaturik nengoen, eta horregatik eta eguraldi beroagatik eta untzitik irteterakoan edandako pinta erdi brandyrengatik, lo egiteko gogo handia nuen.

Belarretan etzan nintzen, belar motz eta goxotan, eta bizitzan inoiz gogoratzen dudan baino sakonago lo egin nuen orduan, bederatzi ordu inguruz gutxi gorabehera; zeren eta, esnatu nintzenean, egun-argia bait zen.

Altxatzen saiatu, baina ez nintzen zirkinik egiteko gauza izan; hain zuzen ere, bizkarrez nengoelarik etzanda, besoak eta zangoak alde bietan zoruari tinko loturik nituela konturatu nintzen; eta ilea ere, luze eta sendoa, era berean nuen lotua.